Gizonezkoen Gregoriar Scholaren curriculuma

1971.urtez geroztik, “Donosti Ereski Gregoriar Schola” izenarekin ezagutzen den taldeak, Donostiako San Bizente elizako “Sine Nomine” koru eta tiple taldean izan zuen bere jatorria. On Gelasio Aranburu Alkain (1896-1968) apaiz eta musiko ospetsuak zuzentzen zituen koruko partaideak, osatu zuten gehienbat gregoriar taldea.

Donosti Ereski Kultur Elkarteko Schola Gregorianistak berrogei urte baino gehiago daramatza musika gregorianoa osatzen duen kanta-multzo zabalaren hedapen-lanetan, beti ere, gaur egungo interpretazio- korronte berrienak erabiliz.

Urtetan Scholak kantu gregoriar klasikoa landu duen arren, Liber usualis liburuko kantutegia, hain zuzen ere, azken boladan Gipuzkoako gregoriar kantuan murgildu da. Tokiko tradizioek gregoriar kantuari egin dioten ekarpen handiaren jakitun, Gipuzkoan erabat ahaztuta eta baztertuta zeuden liburuetan jasotzen diren kantoralak eta kodexak ikertzeko, digitalizatzeko, transkribatzeko eta interpretatzeko lanean dihardu, gipuzkoar gizarteak altxor hori ezagutzeko eta gozatzeko aukera izan dezan. Horien artean daude Arantzazuko Benedicta ofizio propioa, 450 urte baino gehiago dituena eta duela berrogeita hamar urtera arte Arantzazuko santutegian kantatzen zena, eta JoséJuan Santestebanen obraren aukeraketa bat.

Donosti Ereski Gregoriar Scholak “Azken mendeetako gipuzkoar gregorianoa” disko-liburua kaleratu berria du (2018ko Abenduan), Gipuzkoako ondare musikala ikertu eta ezagutzera emateko helburuarekin. Lanak hiru mendetako hainbat liburutan jasotako kantu lauen melodiasortak bildu ditu: Oñatiko Kodexa (1614); Donostiako San Telmo domingotarren monasterioan predikadoreen ordenak egindako Azkoitiko Kodexa (1772), biak ala biak Donostiako Elizbarrutiko Artxiboan gordeta daudenak; eta Hernaniko organista eta irakasle izandako Juan Manuel Larrartek Hondarribiko parrokiarako idatzitako liburua (1828), zeina aipatu parrokian bertan gordetzen den. Melodia horiek azken 500 urteetan Gipuzkoako elizetan izan den musika aberastasuna erakusten dute.

2019go urte honetan, Oñatiko konbentuetako kantoralekin buru belarri gabiltz, Bidaurreta eta Santa Ana-koekin, hain zuzen ere. Konbentu hauetan aurkitu ditugun Kantoralak hogeitalau dira guztira, eta hoiek aztertzea izango da, gure aurtengo lanik interesgarrienetako bat.

1697 urtean Bidaurretako monastegiko Sor Maria Magdalena de la Esclavitud y de Isidua-k, koruko bikariak, idatzitako liburua izan da lehen ikertu duguna. Liburuak hainbat Ofizio biltzen ditu, hamalau hain zuzen ere, frantziskotarren santuenak batez ere: S. Frantzisko, Santa Klara, Paduako San Antonio, Sta. Eulalia…etab.

Bidaurretako argazkiekin, Hilarin Felderren (alemaniako kaputxinoa) liburuarekin, Donosti Ereskiko Gregoriar taldearentzat egokitu ditugu Ofizio hauek: partitura berriekin liburuxkak eginez, beti ere Sor Maria Magdalenak idatzitakoaren barianteak errespetatuz; oraingoz hiru Ofizio prestatu ditugu: San Frantziskorena, Santa Klararena eta Paduako San Antoniorena.

Emakume batek idazteari ere, garrantzia eman diogu, zeren gehienetan, emakumeen konbentuetan erabiltzen zituzten liburuak, praileak eginak izaten zirelako eta hori Oñatin bertan ikusi ahal izan dugu: Bidaurretako eta Santa Anako liburuak aztertu ondoren, mordoxka bat Arantzazun eginak direla baieztatu dezakegu.

Taldeak, emanaldi ugari eskaini ditu, bai Euskal Herrian, bai Estatuko beste herrialdeen barrena ere: Donostiako Musika Hamabostaldiko “Antzinako musika” sailean, Arantzazun (2001), Mutrikuko “Kristo Kalbaixoko Ermitan” (2004), Guadalupeko Ermitan (2006) eta Donostiko San Bizente elizan (2018). Baionako katedralean, Iruñean, Santanderreko musika jaialdietan. Avilako “Nazioarteko gregoriar ihardunaldietan”. Daxeko (Frantzia) “II. Arte sakratuaren jaialdian”. Bratislavako (Eslobakia) nazioarteko gregoriar jaialdian. Cuencan, Torroella de Montgri, Artiedan, Seguran, Hernanin, Pasaian, Errenterian….eta Tolosako Nazioarteko Abesbatzen Lehiaketan, urrezko eta zilarrezko dominak eskuratuz, gregoriar modalitatean.

Azken diskaren grabaketan egindako bi bideoren esteka: